Ocio
Estás en Portada - MECA

Musika gida 09

Musika gida 09

Musika gidak 09 Euskal Herriko talde gazteen erradiografia egin du

A. Goyoaga| 20/03/2009

Musika gida 09. Lan honek Euskal Herriko talde gazteen erradiografia egin du, haiei ateak irekitzeko eta musikaren egoera dinamizatzeko. Guztira, 350 talderi buruzko informazioa bildu du.

Lokaletako uzta

Hedabideotan isla duena baino harago, milaka talde jo ta ke aritzen dira egunero gure herri eta hirietako entsegu lokaletan. Oihartzun eza eta krisia gorabehera, zintzo-zintzo jarraitzen dute elkartzen, zarata apur bat egitearren. Alabaina, talde hauek nekez lortzen dute harrera euren ingurutik at eta beren proposamena entzuteko parada irrati libreek eskaintzen dieten tartera mugatu ohi da. Eta egoera honi buelta ematen hasteko, hain zuzen ere, Musika gida 09 sortu dute Gaztesarea web gunera loturiko zenbait lagunek.

Musika gida 09-k Euskal Herriko 350 talderi buruzko informazioa bildu du bere 180 orrialdeetan barrena, egoera geldikor hau dinamizatzeko. Zerrenda mardul honetan ez dira punta-puntako euskal taldeak aurkituko; baizik eta kontratu diskografikorik ez duten taldeak, beren lanak autoedita-tzen dutenak edo diskoak enpresa alternatiboekin kaleratzen dutenak. Horrez gain, agertzen diren taldeak beste baldintza bat betetzen dute: ez daude izena emanda SGAEn edota SACEMn (Frantziako autoreen elkartea).

Koldo Otamendi Musika gida 09-ko arduradunetako batek dioenez, talde gazte eta hasiberrien aldarria izan nahi du lan honek. «Www.gaztesarea.net web gunearen lagunen burutapen bat izan zen Musika gida. Garaiko musikagintzaren gogoeta bat egin genuen eta ikusi genuen nola talde hasiberri eta gazteek zailtasun dezente zituzten euren eremu naturaletik kanpora ezagutzera emateko. Normalean, herrian, eskualdean eta bere lurraldean eskaintzen dituzte kontzertuak, baina zailtasun asko izaten dituzte eremu horretatik kanpo atera-tzeko. Beraz, musika talde horiek guztiak batu eta liburuxka batean argitaratzea erabaki genuen, taldeei buruzko informazioa guztien esku utziz. Dagoeneko, hirugarren edizioa da (bi urtetik behin kaleratzen dugu)», azaldu digu Otamendik.

Taldeen jatorria

Liburuan agertzen diren taldearen jatorriari dagokienez, aipatu beharra dago Gipuzkoa dela gailentzen den lurralde historikoa (141 talde). Atzetik Bizkaia (109), Nafarroa (50), Araba (29), Lapurdi (17), Behe Nafarroa (3) eta Zuberoa (2) daude. Koldo Otamendik dioenez kontuan hartzeko moduko zenbakiak dira hauek: «Euskal Herriaren lur eremua kontuan izanik, gutxi izanen dira gurea bezalako osasuna duten herrialdeak. Gainera, kontzertuak eskain-tzeko zirkuitu zabal bat ere badago eta geroz eta disko gehiago argitaratzen dira. 2008an esaterako, 350 lan argitaratu ziren bide komertziala eta alternatiboa kontuan hartzen baditugu».

Estiloari erreparatuz, gero eta aniztasun gehiago badago ere, gurean doinu gogorrak nagusitzen dira oraindik ere. Rock, metal, harcore eta punk taldeak dira nagusi Euskal Herriko lokaletan egiten den musikaren ispilua izan nahi duen Musika gida 09 honetan, baina hip hop-ak ere gero eta pisu gehiago du. Taldeetako biografia eta kontaktuaz gain, liburuan copyletf-ari buruzko erreportaje bat badago; baita gaztetxe, irrati libre, aldizkari eta abarri buruzko informazioa ere (bi norabidetako lan tresna bezala ulertzen da lana). Eta liburuarekin batera bi disko saltzen dira; horietan mp3 formatuko 300 kanta biltzen dira. Hamahiru euroren truke eros daiteke eta zenbait gaztetxe eta denda alternatibotan aurki daiteke. Topatzerik ez duenak interneten bidez ere lor dezake musikagida@gmail.com helbidean atea joz.


Diciembre 2018 «  »
Lu Ma Mi Ju Vi Sa Do
1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
31